XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ene denboraren azkenetara ailegaturik, bila datorkidan Herioren hatsa aditzen dut, hotz eta hurbil, idazteko hartu dudan pergamu hau berau ere dardarazten.

Haren begiak laster ene begietan pausatu eta dei mutua luzatuko didatela dakit.

Hator, esango dit, umetako lagun minak legez.

Badakit ez naizena hari begietara zuzen so egietaren bildur izango, ez bait du etorkizunak minduraz akitzen ene baita, iraganaretik datorren damuzko su iraungi ezinak baino.

Aileza orain eskribatzen dudan honek gar horiek eragiten didaten erretura lagundu eta bidenabar, aileza berorrek ere nire arima gaixoaz errukitu eta Jainko guztiz ahaltsuari nire salbazioaren alde eska, zeren barkatzea buruaz gaitz egiten zaigunean ere bihotzak badaki errukia hartzen.

Hala bada, luma hartu dut gaur, Gure Jaunaren mende honek berrogei urte betetzen dituen Gabonzahar honetan, Espaiñola izeneko irlako Salvación misioan.

Bosturi deritzan herritxoan jaio nintzen, Bizkaia aldean, gogoan ez dudan urtean, duela hirurogei bat arean, zeren nire gorputz luzaroan zigortuak duen itxurak halakoxe adina ageri bait dut, Jauna.

Ez naiz eskolatua.

Ozta-ozta ikasi nituen letrak eta lumeroak herriko abadeak katexima ikasteko erabiltzen zituen liburuen bidez eta gurasoek horren berririk jakin gabean.

Ez bide zegokidan galbidea eta nahasmen iturria diren liburuetakoak ikastea, nire ogibidea izan beharko ziren baserri eta itsasoko behar eta nekeetan trebatzea baino.